2010/12/14

Eskutiz proposamena

    Aizue, inor animatuz gero, hona hemen IVAPek azaroaren 16an BECen egindako 3.HEko idatzizkoaren gutunaren gaia: "Zure lantokian lanpostu bat hutsik geratu da, eta postu hori betetzeko norbait bilatzen ari dira. Zeure burua proposatzeko asmoa duzu lanposturako, horretarako ezagutza eta eskarmentu nahikoa duzulakoan. Idatz iezaiozu zerbitzuburuari zure proposamena, azaldu zergatik zaren egokia lanpostu hori betetzeko, eta saia zaitez bera konbentzitzen".
   Ea, ekiozu idazteari!

2010/12/02

SARRERA: gaia girotzen.

Sarrerak gaiaren nolabaiteko hurbilketa du helburu, paragrafo honetan astiro-astiro irakurlea gaira erakarriko dugu. Horretarako azal-azaleko baieztapenak egin behar ditugu, noski, gero datozen paragrafoetarako ideiak erre gabe. Ezinezkoa da, beraz, hurrengo paragrafoetan garatuko diren ideia nagusiak (alde txarrak, alde onak, arrazoiak, ondorioak, irtenbideak, norberaren eskarmentua...) sarrera edo hasiera honetan adieraztea. Ikus ditzagun sarrerak egiteko erak:

1-SARRERA: tesia.

Tesia paragrafoaren hasieran edo amaieran ager daiteke, idazlearen nahiaren arabera. Gogoratu idazlearen planteamenduaren ideiarik sendoena dela, hausnartuena, eta, era berean, irakurlearen buruan finkatuen geratuko dena. Esaldi biribila izaten da, zalantzarik gabekoa. Adibidez:

-"Konpromiso handia da animaliak oparitzea, gu bilakatzen baikara horien morroi" (Gaia: Animaliak oparitzea, moda berria)

-"Zerbait ari gara gaizki egiten, izan ere, gazte horiek harrera etxeetako hezitzaileengandiko tratu txarrak salatu besterik ez dute egiten" (Gaia: Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak)

2010/11/25

ASMO KOMUNIKATIBOA

   Aurreko batean aipatu genuen TESIAz zertxobait azpimarratu nahiko genuke, izan ere, oraindik orain jendeak zer komunikatu nahi duen erabaki gabe hasten baita idazten, noraezean. Eta jakina, komunikatu nahi dugunarekin estuki lotuta egongo da beti izenburua, halako sintonia moduko batean, hau da, izenburuak arrazoi bat du.
   Irakasleok makina bat izenburu inpertsonal irakurtzearekin nekatu antzean gabiltza. Aitortu beharrekoa da atentzioa ematen dizun izenburu originalak testua irakurtzera bultzatzen zaituela nolabait.

2010/11/18

IRITZI TESTUEN EGITURAK

IRITZI testuetan ohikoak diren zenbait egitura zerrendatuko ditugu, gogoan izan dezazun testua aberastea komeni zaigula, beti "nire ustez" eta "-lako" erabili gabe.
-IRITZIA EMATEKO: nire iritziz/ustez/aburuz, -lakoan nago, iruditzen zait, iritzi aditza ("gaurko gaiari interesgarria deritzot")...
-KAUSA/ONDORIOA ADIERAZTEKO: -(e)nez gero, zeren (eta)...bait-, izan ere, horrenbestez, hortaz, beraz...
-AMORE EMATEKO: ukaezina da, aitortu beharrekoa da, horretan (zu)rekin bat nator, arraozi du (ez dakit nork) horretan...
-KONTRAJARTZEKO: horrek ez du esan nahi...-(e)nik, edonola ere, dena den, dena dela, edonola ere, hala ere, hala eta guztiz ere, ordea, ostera, berriz, aldiz, haatik, aitzitik...

2010/11/09

ATARIKO PROBAK HEMEN DAUDE!!!

Hilabete honetan IVAPeko atariko probak izango dira.
Prest zaudete?
Gaurkoan, IRITZIA nola eman jardungo dugu. Noski, iritzia modu antolatuan emateko ondo arrazoitu beharra dago. Ondokoa antolamendu ohikoenetakoa duzu, erabili eredutzat:
1.Gaia edo berria labur-labur azaldu.
2.Iritzia eman.
3.Arrazoiak eman, adibideekin lagundu.
4.Ondorioa atera

Hona adibide bat:
1. Gaia: bikoteen arteko inkomunikazioa.
2.Iritzia: inkomunikazioa geurekoikeriatik dator.
3.Arrazoibideak: nahiago dugulako geurea egin bestearen nahia bete baino, bestea baino argiagoak garela uste dugulako, egia jakitea sarritan ezin dugulako jasan, besteari zer komeni zaion berak baino hobeto dakigulako.
4.Ondorioa: alde batetik, geure burua alde batera utzi beharko genuke besteari entzuteko; bestetik, benetako interesa jarri beharko genuke besteen iritzi eta nahietan.

Behin planifikatuta, ekin idazteari!!

2010/11/03

Kexa-gutuna

Eskutitz guztiak ez dira berdinak , ez horixe, gutun motak ditugu, betiere helburuaren araberakoak: zoriontzeko gutunak, gonbidatzekoak, salatzekoak, eskerrona adieraztekoak... Baina gauza bat eduki argi: guztien aurrean kontuan hartu beharrekoak dira hala igorlea, nola hartzailea, nahiz helburua. Eta behin horiek garbi edukita, testuaren nondik norakoaren mapa semantikoa, hau da, eskema edo zirriborroa egiteko moduan egongo gara.

Gaurkoan kexa-gutunaren balizko eskema proposatzen dizugu: 1-SARRERA
                                                                                               2-ARRAZOIAK
                                                                                               3-ONDORIOAK
                                                                                               4-ESKAERA

2010/10/28

TESTUA IDAZTEN
Ideiak bilatuta zirriborroa eginda daukazu. Jarraian idazteari ekin behar diozu, hau da, ZER komunikatu nahi duzunetik, NOLA adieraztera jo beharra daukazu.
Prestaketa lanak bukatu dira. Fase honetan gramatikak, ortografiak, lokailuek, testu antolatzaileek eta estilistikak hartuko dute parte, baina ez larritu, hasierako prestaketa lana eginda daukazu eta ideia argi badituzu, ez dugu zertan estutu. Dena den, beti egin ohi dituzun akatsei ondo erreparatu, eta noski, kontuz NORK marka santuarekin!!
Ikasleen artean bada oso gauza landuak eta aberatsak jarri ezean, ezinezkoa dela gainditzea pentsatzen duenik. Tamalez, asko dira gainera! Baina garbi eduki hurrengoa: handikeriatan ibiltzeagatik gaizki erabilitako zenbait "ponposokeria" eta "floripondio" idatziz gero, idazlana pikutara. Hortaz, hobe duzu apalago jokatu eta modu seguruagoan jokatzea. Betiere kontuan hartuta idazlanaren aberastasuna ere kontuan hartzen dela ebaluatzerakoan.

2010/10/27

Facebooken ere bai!

Nor ez dago gaur egun Facebooken? Idazlanak Zuzenketak bilatu eta bertan aurkituko gaituzu, euskal kulturari buruz hizketan eta gure kezkak azaltzen.
Anima zaitez!

2010/10/21

Idazten hasi aurretik gogoan hartu beharreko pare bat kontutxo aipatuko ditugu, jakinda idazlanetan zera gertatu ahal zaigula: 1) buru-hutsik geratzea, zer idatzi ez dakigula; 2) informazio
eta ideia gehiegi edukitzea buruan bueltaka.

Baina gauzatxo bat argi eduki: gure aurrezagutzez baliatuta, edozein gaiari aurre egiteko gauza gara, seguru gainera. Kontuan hartuta, jakina, idazten hasi aurretik bost bat minutu beharko ditugula prestaketa lanetarako. Zertarako? Bada, gure tesia (asmo komunikatiboa) zein izango den erabakitzeko eta mapa-semantikoa egiteko (berdin digu mapa-kontzeptuala edo ideia-mapa deitzea, eskema azken finean). Eta ez ahaztu, zenbaitetan ere, azterketako idatziak eskatzen badu, hartzailea eta geure rola ere kontuan hartu beharko ditugula.

2010/10/18

Azterketitisa

Ikasturtea hasi berri da eta azterketak ere bai!! Eta noski, urduritasuna ezin kopntrolaturik gabiltza.
Larunbatean HABEko azterketak izan ziren eta laster beste azterketaren bat izango da.
Nola lortu eskatzen digutun maila?!!!!

Lasai, blog honen bidez eta Idazlanak Zuzenketak web orriaren bidez, laguntza handia eskainiko dizugu eta!

Ekin lanari!!