2010/11/25

ASMO KOMUNIKATIBOA

   Aurreko batean aipatu genuen TESIAz zertxobait azpimarratu nahiko genuke, izan ere, oraindik orain jendeak zer komunikatu nahi duen erabaki gabe hasten baita idazten, noraezean. Eta jakina, komunikatu nahi dugunarekin estuki lotuta egongo da beti izenburua, halako sintonia moduko batean, hau da, izenburuak arrazoi bat du.
   Irakasleok makina bat izenburu inpertsonal irakurtzearekin nekatu antzean gabiltza. Aitortu beharrekoa da atentzioa ematen dizun izenburu originalak testua irakurtzera bultzatzen zaituela nolabait.

2010/11/18

IRITZI TESTUEN EGITURAK

IRITZI testuetan ohikoak diren zenbait egitura zerrendatuko ditugu, gogoan izan dezazun testua aberastea komeni zaigula, beti "nire ustez" eta "-lako" erabili gabe.
-IRITZIA EMATEKO: nire iritziz/ustez/aburuz, -lakoan nago, iruditzen zait, iritzi aditza ("gaurko gaiari interesgarria deritzot")...
-KAUSA/ONDORIOA ADIERAZTEKO: -(e)nez gero, zeren (eta)...bait-, izan ere, horrenbestez, hortaz, beraz...
-AMORE EMATEKO: ukaezina da, aitortu beharrekoa da, horretan (zu)rekin bat nator, arraozi du (ez dakit nork) horretan...
-KONTRAJARTZEKO: horrek ez du esan nahi...-(e)nik, edonola ere, dena den, dena dela, edonola ere, hala ere, hala eta guztiz ere, ordea, ostera, berriz, aldiz, haatik, aitzitik...

2010/11/09

ATARIKO PROBAK HEMEN DAUDE!!!

Hilabete honetan IVAPeko atariko probak izango dira.
Prest zaudete?
Gaurkoan, IRITZIA nola eman jardungo dugu. Noski, iritzia modu antolatuan emateko ondo arrazoitu beharra dago. Ondokoa antolamendu ohikoenetakoa duzu, erabili eredutzat:
1.Gaia edo berria labur-labur azaldu.
2.Iritzia eman.
3.Arrazoiak eman, adibideekin lagundu.
4.Ondorioa atera

Hona adibide bat:
1. Gaia: bikoteen arteko inkomunikazioa.
2.Iritzia: inkomunikazioa geurekoikeriatik dator.
3.Arrazoibideak: nahiago dugulako geurea egin bestearen nahia bete baino, bestea baino argiagoak garela uste dugulako, egia jakitea sarritan ezin dugulako jasan, besteari zer komeni zaion berak baino hobeto dakigulako.
4.Ondorioa: alde batetik, geure burua alde batera utzi beharko genuke besteari entzuteko; bestetik, benetako interesa jarri beharko genuke besteen iritzi eta nahietan.

Behin planifikatuta, ekin idazteari!!

2010/11/03

Kexa-gutuna

Eskutitz guztiak ez dira berdinak , ez horixe, gutun motak ditugu, betiere helburuaren araberakoak: zoriontzeko gutunak, gonbidatzekoak, salatzekoak, eskerrona adieraztekoak... Baina gauza bat eduki argi: guztien aurrean kontuan hartu beharrekoak dira hala igorlea, nola hartzailea, nahiz helburua. Eta behin horiek garbi edukita, testuaren nondik norakoaren mapa semantikoa, hau da, eskema edo zirriborroa egiteko moduan egongo gara.

Gaurkoan kexa-gutunaren balizko eskema proposatzen dizugu: 1-SARRERA
                                                                                               2-ARRAZOIAK
                                                                                               3-ONDORIOAK
                                                                                               4-ESKAERA