2016/03/26

ADIIII !! Maiatzaren 14an HABEren idatzizkoa!! Horren harira, hona hemen puntuazio-zeinuen inguruko apuntetxo batzuk, izan ere, betidanik eta betiko ditugu, esango nuke nik,  gorabeheratxoak honekin, ezta?



PUNTUAZIOA

    Ezinbesteko tresna da puntuazioa. Testua antolatzen du, testuaren musika agerian uzten du, eta ulerbideak ematen dizkigu; ez da gutxi, beraz. Arazo gehien sortzen dituzten puntuazio-markak aztertuko ditugu jarraian.

Koma
Esanahia argitzen laguntzen du komak:
    Lan egiteko, ez lapurretan ibiltzeko aukeratu dute ministro.
    Lan egiteko ez, lapurretan ibiltzeko aukeratu dute ministro.
Ez ahaztu, beraz, honako kasu hauetan koma erabiltzea:
● Zerrenda baten elementuak bereizteko:
    Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan egingo dira hauteskundeak.
Eta abar esapidearen aurrean ere koma jartzen da, osagaiak labur-laburrak izan ezean:
    Interneteko denda batean sartu eta liburuak, bideoak, arropa eta abar eros
      ditzakezu.
    Biharko batzarrean erabakiko dugu etxebizitza sozial horiek nola banatuko
      diren, hau da, orain arteko irizpideak jarraituko ditugun, osatu beharrik dagoen,    
      zein epe izango den etxeotan bizitzen hasteko, eta abar.
● Deikiekin (gutunetan eta):
    Kaixo, Ander:
    Agur, Jon:
● Datan, toki-izenaren ondoren:
    Lazkaon, 2010eko irailaren 10ean
● Tartekiekin eta aposizioekin: komaz txertatzen dugun tartekia erabat lotuta dago esaldiaren egiturari eta edukiari:
    Izangaiek, eskabidearekin batera,  agiri hau aurkeztu beharko dute (Tartekia)
    Mikel Garmendiak, Hezkuntza eta Kultura sailburuak, aurtengo plangintza aur-
      keztu dio lehendakariari (Aposizioa)
●Lokailuekin (ordea, hala ere, beraz, bestela, nire ustez, dirudienez…):
    Gobernu batek hartzen dituen erabakiak, ordea, epe luzera aztertu behar dira.
    Nire iritiz, parlamentariek ez dute inolako eskaerarik egin.
● Perpaus nagusiaren eta mendekoaren artean:
    Oraindik ez dute argitaratu aurtengo lan-hitzarmena,onartu gabe baitago.
Nolanahi ere, kontuz! Mendekoa nagusiaren aurretik badoa, eta galdegaia bada:
    Oporretatik itzultzen direnean hasiko dira lanak banatzen
Beraz, galdegaiaren eta aditzaren artean ezertxo ere ez, ezta koma ziztrin bat bera ere.
● Mintzagairen ondoren, baldin eta aurreratzen baldin badugu sarbidea emateko ondoko aipamenari:
    Kazkabarra, horixe besterik ez genuen behar.
Eta, edo.. juntagailuen bidez hitz soilak barik perpausak lotzen badira, jarri koma perpausen artean:
    Udalbatzak gaur aztertu ditu aurrekontuak, eta mozioak hurrengo baterako utzi.
● Bai edo ez batzuk segidan doazenean:
    Gure bulegoan ez dago, ez ordenagailurik, ez inprimagailruik, ez deus.
● Aditzaren ordez (elipsia):
    “Argia” aldizkaria, denetan interesgarriena.

●KONTU handiz ibili, bestaldetik, honakoetan:
  1. Subjektuaren eta aditzaren artean ezin da koma bakarra jarri, bi bai:
*Auzitegiak, epaia eman zuen atzo.
Auzitegiak, ezustean, epaia eman zuen atzo.
2.      Aditza eta osagarri zuzena ezin dira komaz banatu:
*Alkateak esan du, bilera datorren astean egingo dela (Komarik ez).

Puntu eta koma
    Mailaz maila igoko bagina, koma baino gorago eta puntua baino beherago geldituko litzateke puntu eta koma; beraz, bi mutur horiek lotzen ditu askotan, eta malgutasuna ematen dio testuari. Honako hauetan erabil daiteke puntu eta koma:
● Esaldiak elkarrekin lotzeko (batzuetan, puntua edo bi puntuak jar litezkeen zenbait tokitan):
    Ez zegoen denentzat lekurik; batzar-gela mukuru betea zegoen.
● Lokailuekin eta aurkaritzako juntagailu batzuekin (baina…), esaldiak luzeak direnean; bestela, nahikoa da koma:
    Ustez, ez diot egin inori kalte; hala ere, hitzik huts egin badut, barkatu.
● Lotu nahi ditugun esaldietako batek koma badu:
    Frogak aurkeztu,abokatu jauna; eta ez etorri guregana horrelako koplekin.
● Zenbait testu-antolatzailerekin, enumerazioak-eta egitean, barruan koma badugu:
    Deialdian parte hartzeko, honako hauek egin behar dituzu: batetik, eskabide-
       orria idazkaritzan jaso; bestetik, orria behar bezala bete; eta, azkenik, eskabide-
       orria eta gainerako agiriak erregistro orokorrean sartu.

Bi puntuak
    Ideiak antolatzeko tresna bikaina dira bi puntuak. Honakoetan, besteak beste, erabiliko ditugu:
● Zerrendei edo adibideei sarrera emateko:
    Hona bildu zirenak: Jose Migel Agirre, alkatea; Jon Urra, zinegotzia; Pello
       Etxeberria, enpresaburua; eta Itxaso Rodriguez, idazkaria.
● Hitzez hitzeko aipamenei sarrera emateko:
    Joxe Ramon Zubimendik eta Pello Esnalek Idazkera liburua-n diotenez:”Hitzez
       hitzeko aipamenen aurrean bi puntu jartzen dira (ondoren kakotez eta letra larriz
       hasten da aipamena)”.
● Aditz nagusia aurreratzeko, esaldia luzea bada:
    Hauxe jakinarazi diete izangaiei: otsailaren 12a  baino lehen, aurkeztu behar
       dituztela idazkaritzan deialdian zehazten diren agiri guztiak.
● Esaldiak errazteko (irakurleak egin behar ditu egin beharreko lotura semantikoak):
    Ez zegoen denentzat lekurik: batzar-gela mukuru betea zegoen.
    Ez zegoen denentzat lekurik, mukuru betea baitzen batzar-gela.
● Gutunetako hasierako agurretan. Hurrengo lerroa letra larriz haten da:
    Lagun hori:
             Uda honetan…
●Orduak zenbakiz adierazten baditugu, bi puntu jartzen dira orduen eta minutuen artean: 12:30, 17:00… Tarterik ez dago ez bi puntuen aurretik, ez bi puntuen ondoren.

Parentesiak
    Parentesiak, marrak eta komak: hirurak erabiltzen dira esaldian informazio osagarria txertatzeko. Nahiz eta oraingoz ez dagoen legerik jakiteko noiz txertatu bata edo bestea, parentesiak noiz erabili argitzen saiatuko gara.
    Parentesiak dira libreen txertatzen direnak. Oso lotura ahula izaten dute esaldiaren egiturarekin: sarritan hitzak ez dira deklinatzen, eta aditzik gabe ere frankotan erabiltzen ditugu. Parentesietan argigarri txikiak sartu ohi ditugu.
    Guk honelakoetan erabiliko ditugu parentesiak:
● Leku-izenak eta horrelakoak zehazteko:
    Uztaritze (Lapurdi) Errobi ibaiaren ertzean dago.
● Era askotako zenbakiak emateko:
    Diru-laguntza sei mila eurokoa izango da (6.000 €).
    Koldo Mitxelenak (1915-1987) hasiera eman zion Orotariko Euskal Hiztegia-ri.
    Taldeak osatzeko, gutxieneko kopuru bat behar da (8 ikasle).
    Atxiloketa ordu erdi geroago izan zen (19:50), eta ez zen zauriturik gertatu.
● Siglak, laburdurak… argitzeko:
    Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) ikastaro asko online eskain-
       tzen ditu.
    NOLEGAk (Normalizazio Legearen Garapena) ikastaro asko antolatu ditu
● Liburuen, filmen… izenburuak itzultzeko:
    Joxe Austin Arrieta izan zen Memories d´Hadrien (Hadrianoren Oroitzapenak)
      liburuaren itzultzailea.
● Izengoitiak eta beste argitzeko:
    Orixek (Nikolas Ormaetxea) jesuitetan egin zituen ikasketak.
● Eta KONTUZ, ez dira edonon jartzen eta:
    ○ Beste edozelako gorabehera, erakunde (publiko zein pribatu) emaileari jaki-
           narazi behar dio.
    ○ Beste edozelako gorabehera, erakunde emaileari (publiko zein pribatu) jaki-
          narazi behar dio.