2011/01/31

SARRERA: gaia girotzen

3.SARRERA MOTA: Norberak ezagutzen duen pasadizoren bat (gaiarekin zerikusia duen bizipen pertsonala). Adibideak:
-"Gutako askorentzat uda izaten da bikotekidearekin denbora gehiago egoteko aukera, beste batzuentzat denbora bakarra urtean berarekin egoteko eta sarri bikotekidearengandik urrun egoteko garaia. Beraz, denontzat bikotearekiko sentimenduak, loturak, burutazioak... aztertzeko momentua".
(Gaia: Bikotekidea udan)
-"Gure induruan, kostaldean, itsasoak eta hondartzak betetzen dituzte aisialdirako auakerarik gehienak eta, horregatik, mendizaletasunak ez du arrakasta handirik, nahiz eta azken urteotan gero eta gazte gehiagori gustatu" (Gaia: Mendizaletasuna)
-"Ikusgarria, irailaren erdi aldean hasi eta azaroaren erdi aldera arte, bermatuta dago. Izan ere, arbola-espezie guztien hostoak ez dira batera hasten kolorea aldatzen udazkenean.  Makalakharitzakurkiakpagoaklizarrak... denek hartzen dute esku kolore-festan!" (Gaia: Udazkena)
-"Orain dela hamabost urte izan zen sagardotegian egon nintzeneko azken aldia. Giroa erabat aldatu omen da, baita ohiturak ere. Guk okela eta ogia eraman behar izan genuen, eta sagardotegian zutik egon. Gaur, ordea, bertako arduradunek prestatzen dute dena eta menua ez da lehen bezain itxia"
(Gaia: Sagardotegia)

2011/01/25

SARRERA: gaia girotzen

2-SARRERA MOTA: komunikabideetatik jasotako datuak (gaiarekin lotura estua duten datu esanguratsuak). Adibideak:

-"EAEko herritarren %98k du eskuko telefonoaren berri; %80k erabili ere egin du behin edo behin; familia askotan 13 urtetik gorako kide guztiek dute eskuko telefonoa" (Gaia: segapotoa)

-"Hamar urtetan penintsulako kostaldeetara iristen den marmoken kopurua hirukoiztu egin da. Orain arte, batez ere, Mediterraneoan gertatzen zen arazoa zen, baina Bizkaiko itsasoan, ura hotzagoa badago ere, gero eta sarriago egiten dituzte agerraldiak. Aurten, marmokak agertu dira jada Euskadiko hondartzetan" (Gaia: marmokaka, itsasoko ikara)

-"Traumatismo arinak, intoxikazioak, erredurak eta itolarriak dira etxeko istripuen ondorio nagusiak. Datuen arabera, entxufe, terrazako erlaitz, beirazko mahai, detergente-botila, botika edo titare soil batek etxea haur-istripu gehien izaten den gune bilakatzen dute. Istripuok borondatez kontrakoak eta gehienetan ustekabekoak izaten dira; eta beheranzko joera etengabea den arren —ondorio larriko istripuei dagokienez, batez ere—, zifrak ez dira batere pozgarriak. Etxeko istripuen protagonista nagusiak, jakina, etxean denbora gehien egiten dutenak izaten dira: haur eta emakumeak" (Gaia: etxeko istripuak).

2010/12/14

Eskutiz proposamena

    Aizue, inor animatuz gero, hona hemen IVAPek azaroaren 16an BECen egindako 3.HEko idatzizkoaren gutunaren gaia: "Zure lantokian lanpostu bat hutsik geratu da, eta postu hori betetzeko norbait bilatzen ari dira. Zeure burua proposatzeko asmoa duzu lanposturako, horretarako ezagutza eta eskarmentu nahikoa duzulakoan. Idatz iezaiozu zerbitzuburuari zure proposamena, azaldu zergatik zaren egokia lanpostu hori betetzeko, eta saia zaitez bera konbentzitzen".
   Ea, ekiozu idazteari!

2010/12/02

SARRERA: gaia girotzen.

Sarrerak gaiaren nolabaiteko hurbilketa du helburu, paragrafo honetan astiro-astiro irakurlea gaira erakarriko dugu. Horretarako azal-azaleko baieztapenak egin behar ditugu, noski, gero datozen paragrafoetarako ideiak erre gabe. Ezinezkoa da, beraz, hurrengo paragrafoetan garatuko diren ideia nagusiak (alde txarrak, alde onak, arrazoiak, ondorioak, irtenbideak, norberaren eskarmentua...) sarrera edo hasiera honetan adieraztea. Ikus ditzagun sarrerak egiteko erak:

1-SARRERA: tesia.

Tesia paragrafoaren hasieran edo amaieran ager daiteke, idazlearen nahiaren arabera. Gogoratu idazlearen planteamenduaren ideiarik sendoena dela, hausnartuena, eta, era berean, irakurlearen buruan finkatuen geratuko dena. Esaldi biribila izaten da, zalantzarik gabekoa. Adibidez:

-"Konpromiso handia da animaliak oparitzea, gu bilakatzen baikara horien morroi" (Gaia: Animaliak oparitzea, moda berria)

-"Zerbait ari gara gaizki egiten, izan ere, gazte horiek harrera etxeetako hezitzaileengandiko tratu txarrak salatu besterik ez dute egiten" (Gaia: Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak)

2010/11/25

ASMO KOMUNIKATIBOA

   Aurreko batean aipatu genuen TESIAz zertxobait azpimarratu nahiko genuke, izan ere, oraindik orain jendeak zer komunikatu nahi duen erabaki gabe hasten baita idazten, noraezean. Eta jakina, komunikatu nahi dugunarekin estuki lotuta egongo da beti izenburua, halako sintonia moduko batean, hau da, izenburuak arrazoi bat du.
   Irakasleok makina bat izenburu inpertsonal irakurtzearekin nekatu antzean gabiltza. Aitortu beharrekoa da atentzioa ematen dizun izenburu originalak testua irakurtzera bultzatzen zaituela nolabait.

2010/11/18

IRITZI TESTUEN EGITURAK

IRITZI testuetan ohikoak diren zenbait egitura zerrendatuko ditugu, gogoan izan dezazun testua aberastea komeni zaigula, beti "nire ustez" eta "-lako" erabili gabe.
-IRITZIA EMATEKO: nire iritziz/ustez/aburuz, -lakoan nago, iruditzen zait, iritzi aditza ("gaurko gaiari interesgarria deritzot")...
-KAUSA/ONDORIOA ADIERAZTEKO: -(e)nez gero, zeren (eta)...bait-, izan ere, horrenbestez, hortaz, beraz...
-AMORE EMATEKO: ukaezina da, aitortu beharrekoa da, horretan (zu)rekin bat nator, arraozi du (ez dakit nork) horretan...
-KONTRAJARTZEKO: horrek ez du esan nahi...-(e)nik, edonola ere, dena den, dena dela, edonola ere, hala ere, hala eta guztiz ere, ordea, ostera, berriz, aldiz, haatik, aitzitik...