2024/02/02

 URTE BERRI ON!!! Nahiz eta urtea ondo sartuta dugun, dagonenko otsaila da eta. Aizue, kaleratu dituzte dagoeneko HABE, IVAP eta HEOIko azterketa-datak, beraz, hasi lanean!!!!!!!!!

Agurtu baino lehen, ohartxo bat: IVAPen, COVID-19aren aurretik bezalaxe, bi idazlan eskatzen hasi dira berriro ere; entzumen-probaren inguruko berririk ez daukat, hortaz, ezin horri buruzko ezer esan. Ziurtatzekotan, badaezpada, boletinera jo beharko genuke, 

Zorte on guztioi!!

2024/01/10

 Honatx gerundioari buruzko artikulu interesgarria, azken urteotan zein gaiziki darabilgun kontuan hartuta. Noski, askotan gertatzen denez, gaztelaniak eraginda. Lagungarria gerta dakizuela!


Erdal gerundio okerren eragina euskaraz

 

         Estilo liburuek eta zenbait autorek zera diote: gerundiozko mendeko esaldi gehiegi erabiltzeak, estilo arkaizantea izateaz gain, esaldiak luzatu egiten ditu, eta honek dakarrena testua astuntzea eta iluntzea da. Hala ere, administrazio idazkietan ugari da gerundioaren erabilera, bai gaztelaniaz, bai euskaraz, beste egitura batzuen kaltetan. Baina, gehiegizko erabilpen horretaz gain, txarto erabilitako erdal gerundio askoren kalkoa ikusten da maizegi euskaraz.

         Hau zer dela eta? Bada, sarri askotan, itzultzerakoan eta arlo jakin batzuetan are gehiago, oharkabean gaztelaniazko idazkerari lotzen gatzaizkiolako, jakin gabe gatelaniaz ere gramatika hutsak ugari egiten driela.

 

MIMETISMOA: esanahia zaindu

         Hizkuntza bakoitzak berezko izatea dauka. Jakin dakigu egoera diglosiko batean berezkotasun hori zaintzea zaila dela: beraz, hizkuntza bakoitzak gerundioa egiteko dituen sistemak ezagutzea eta errespetatzea behar-bearrezkoa da. Horretarako, gazteleraz ikusten ditugun gerundioak ondo eginda dauden ala ez, eta esaldiaren esanahia jakitea ezinbestekoa dugu horren ordaina euskaraz zuzen emateko. Ikus dezagun, bada, honen inguruko zenbait adibide:

 

Geroaldiko gerundioa

         *La Administración convocante hará pública la relación provisional de aspirantes admitidos, concediendo un plazo no inferior a siete días naturales para formular reclamaciones.

         *Onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko du deialdia egiten duen administrazioak arrazoibideak aurkezteko epea zabalduz; epe hori, gutxienez, zazpi egun naturalekoa izango da.

 

         Euskaraz, sarri askotan esaldi hauek partizipioa + -Zrekin itzultzen ditugu, jakin gabe gaztelaniaz ere gaizki egindako esaldiak direla, gerundioa ezin baita aditz nagusiaren ekintzaz gero gertatu. Berez, esaldi hauek koordinatu kopulatiboak dira eta euskarara esanahi horrekin itzultzekoak.

 

         Onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko du deialdia egiten duen administrazioak eta arrazoibideak aurkezteko epea zabaldu egingo du; epe hori, gutxienez, zazpi egun naturalekoa izango da.

 

Helburuzko gerundioa

         Sarri askotan ikusten ditugu taju honetako esaldiak ofizio eta gutunetan:

         *Les envío la presente carta agradeciéndoles la información sobre sus cursos y solicitándoles la admisión en ellos de los siguientes funcionarios…

 

         Gaizki osatzen ditugu gaztelaniaz berez helburuzkoak diren mota honetako esaldiak, para preposizioa, adibidez, erabili beharrean gerundioa erabiltzen dugulako. Esaldi hauek partizipioa + -Zrekin euskaratzen ditugu askotan, baina kasu hauetan egin beharrekoa –T(Z)EKO helburuzko partikula erabiltzea litzateke.

 

         Gutun hau idazten dizut zuen ikastaroei buruzko informazioa eskertzeko eta ondoko zerrendako funtzionarioak ikastaroetan onartzeko / onar ditzazuen.

 

Adjektibozko gerundioa

         *Al mismo tiempo se remitirá el acta de la última reunión, figurando todos los opositores que hayan superado todas las pruebas.

         *Aldi berean, azken bilerako akta bidali beharko da, saio guztiak gainditu dituztenen izen-abizenak agertuz.

 

Hau horrela geratuko litzateke:

         Aldi berean, aken bilerako akta bidali beharko da: bertan, saio guztiak gainditu dituztenen izen-abizenak agertuko dira.

 

Atal honetan boletineko gerundioa deritzona ere sartzen da:

         *El Alcalde ha dictado un decreto regulando el horario de los comercios.

         *Alkateak dekretu bat eman du denden ordutegia arautuz.

 

Gerundio hau itzultzerakoan, helburuzko edota erlatibozko esaldiekin baliatuko gara:

         Alkateak denden ordutegia arautzen duen dekretu bat eman du.

         Alkateak dekretu bat eman du, denden ordutegia arautzeko.

 

Esaldi koordinatuen ordezko gerundioa

         *La presente Convocatoria y sus Bases se publicarán íntegramente en el Boletín Oficial de Bizkaia y del País Vasco, publicándose, además, en el Boletín Oficial del Estado extracto detallado de la misma.

 

Kasu hauetan ere horrelako itzulpenak maiz ikusiko ditugu:

         *Deialdi hau eta bere Oinarri-arauak oso-osorik argitaratuko dira Bizkaiko Egunkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zehaztutako laburpen bat ere Estatuko Boletin Ofizialean argitaratuko delarik.

 

Era honetako esaldiak, bai gaztelaniaz, bai euskaraz juntagailu edo lokailu batekin askoz ulergarriagoak eta zuzenagoak izaten dira:

Deialdi hau eta bere Oinarri-arauak oso-osorik argitaratuko dira Bizkaiko Egunkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, gainera, zehaztutako laburpen bat ere argitaratuko da Estatuko Boletin Ofizialean.

 

                                                                   A.Gorostiza, A. Telleria

HAEEko Euskalduntze Zerbitzua

(Administrazioa EUSKARAZ)