2012/06/19

IRITZI TESTUA


TESIA-ANTITESIA-SINTESIA da kazetariek iritzi artikuluetan maiz erabiltzen duten egitura. Hona hemen bi testu-eredu eta beroien egituraketaren hausnarketatxoa, zuk hurrengoan paralelo bat egin dezazun beste gairen batekin.



1-TELEBISTAZ
            “Caja tonta” izengoitiz bataiatu zuen azkar ustekoren batek. Gero, sinistarazi nahi izan digute bera tresna tontoa izarteaz gain, ikusten dugunok ere tontotu egiten gaituela. Irizpide horiek hausnartuz bizi izan da azken urte mordo honetan modernotik edo irakurritik pittin bat zuen oro, moderno eta irakurri plantak egiten zituen hura bizi izan den bezalaxe.
            Antzerkiak gure espiritua (kritikoa, alegia) lantzeko balio zuen, zein eta obra kostunbrista zaharkitu hutsal horietakoa ez zen. Zineak beste hainbeste, kritikoren bati halako pelikula komertziala zela esatea bururatzen ez bazitzaion. Telebista, ordea, tontogilea zen, espiritu kritikoa landu ordez deuseztu egiten zuen aparailu arbuiatua. Izate goreneko idazle, intelektual, politiko edo kirolariek edozein elkarrizketatan esango dizute, galdetu ala ez galdetu, eurek telebista ikusteko ohiturarik ez dutela, programa jakinen bat edo bestek baino ez dituela erakartzen. Eta harrotasunez esaten dute behiala berri baina orain edozein arazo bezain erabilia den topikoa, esate hutsarekin puntuak irabaziko baitituzte.
            Gutxietsita ez ezik, gaitzetsita dago gainera. Telebista arraio horrengatik, jendeak gutxiago irakurtzen omen du, haurrei ahaztu egiten omen zaie jolasten, helduok ez bide dugu lehen adina pentsatzeko betarik hartzen, belaunaldien arteko afalondoko elkarrizketa goxo hura galdu egin omen da, antzokiak eta zinemak hustu… Lehen denak hilean bosna liburu irakurri, Kanten filosofia xehetu eta antzerkira biz behin joaten al ziren ba?
            Norbaitek esango du neurrian datzala gakoa. Neurria hartu behar zaiola telebistari, benetan interesatzen zaizkigun saioak ikusi eta interesatzen ez zaizkigunak heltzean aparailua itzali eta alde egiten jakin beharra dagoela, haren aurrean tonto-tonto geratu ordez. Horixe neurrian datzala dena! Zurruteroarena pare bat kopa hartu eta planto egitean, erretzailearena paketea botatzean berririk ez erostean, drogatarena beharraren atzaparretan eori aurretik geratzean. Baina zurruteroak, erretzaileak nahiz drogatak nagusiki nahi dugulako gara zurrutero, erretzaile nahiz drogata, teleadikto nagusiki nahi duelako teleadikto den bezalaxe. Batzuentzat plazerra bada zenbait neurri gainditzea, besteentzat beti izango da txorakeria.
            Kontuak kontu, batek baino gehiagok nabarituko zuen telebistaren hutsunea oporraldiotan. Itzultzean harro botako zizuten hamabost egun eman dituztela telebistarik gabe haren faltarik somatzeke. Eta igual pasatu dituzte iluntzeak jokoan asper-asper egin arte edo diskotekan beti antzeko imintzioak eginez edo bati bestearenak eta besterenak bati batere inporta ez zaizkien kontuak elkarri esaten edo gurutzegramak eginez. Hori aberastasuna bada… betoz telebista pribatuak ere badaezpada.




EGITURAKETA

1-    Erabiltzen al ditu idazleak ikuspuntu bereko ideiak?
Ez, 2-5 paragrafoak tesiaren aldekoak dira eta 6-7.paragrafoak tesiaren kontrakoak.

2-    Zer ideia erabiltzen ditu bere iritzia defendatzeko?

TESIA: Gero sinistarazi nahi izan digute bera tresna tontoa izateaz gain , ikusten dugunok ere tontotu egiten gaituela (1.paragrafoa).

TESIAREN ALDEKOAK:
-Antzerkiak eta zineak espitiru kritikoa lantzeko baliagarriak (2.paragrafoa).
-Telebista ikusi bai, baina modu selektibo batean (3.paragrafoa).
-Beste jarduera intelektual batzuk eragotzi, oztopatu (4.paragrafoa).

3-    Zer ideia erabiltzen ditu bere iritziaren kontra?
Gakoa neurrian omen badatza ere, norberaren erabakia da (5.paragrafoa).
Telebistaren hutsunea nabaritu eta ez ikustearren, asper-asper eginda eman oporraldia (6.paragrafoko lehenengo 3 lerroak).

4-    Agertzen al da ondorioa testuan? Hala ez balitz, zein jarriko zenuke zuk?
Gutxi gorabeherakoa, ez oso argia. Testuan zehar ematen da. Bat aukeratuz gero, 6.paragrafoaren azken esaldia. 
5-    Ideiez gain, erabiltzen al du idazleak besterik bere iritzia azaltzeko?
Tonu ironikoa. Horrexek laguntzen dio bere iritzia argi adierazten.




2- ADIERAZPEN ASKATASUNA vs KOMUNIKABIDEEN INDARRA
            Ez dut inoiz oso argi izan zein den komunikabideen papera gure gizartean, besteak beste, pentsatzen jarri izan naizenetan, ematen duen baino askoz ere konplexuagoa den ondoriora heldu naizelako. Edozein kasutan, badirudi argi dagoela edozein kazetarik tirabira bat izan behar duela betiko: “Adierazpen askatasuna bai, baina norainokoa?”.
            Munduak orain arte ezagutu dituen errejimen politikoen artean bat baino gehiago izan da askatasun hau mugitzearen aldekoa, eta botere politkoaz baliatu izan dira herri xumeari hel zekiokeen (eta hel dakiokeen) informazioa kontrolatzeko. Ez dirudi, ordea, hau demokraziaren ezaugarri denik.
            Argi ikusten dut inork ez duela jakin behar diren hainbat eta hainbat gauza ezkutatzeko eskubiderik, hau da, kargu politikoa izateak ez lioke inori eman beharko gehienon ez jakinkeria zabaltzeko bidea. Alde honetatik, adierazpen askatasunak erabatekoa izan beharko luke. Argi ikusten dut, era berean, nik eta edozein kazetarik egoki iruditzen zaiona esateko eskubidea daukala. Hots, komunikabideak baliagarriak izan behar zaizkigu gure arteko komunikazioa gara dadin, baita gure iritzirako onargarriak ez diren gauzak, ekintzak… eta zernahi gauza salatzeko ere.
            Hirugarrenez, argi ikusten dut gure gizarteak eta gizakiak berak leader antzekoak behar dituela aurrera egingo badu; esan nahi baita, gizarteak iritzi-sortzaileak behar dituela gatazkatsuak izan daitezkeen auziei argia emateko.
            Baina, esandakoa gorabehera, ez dut hain argi ikusten demokrazia batean noraino hel daitekeen kazetari batek eman dezakeen informazioa. Non hasten da pertsonaia publikoaren intimitatea eta non informaziorako eskubidea eta beharra? Esaterako, Lady Di hil zenean, beharrezkoak al ziren hil berri zelarik atera zitzaizkion argazkiak? Edota, baliagarria al zaigu “El Mundo” egunkaria irakurtzeko, beronen zuzendari nagusiak dituen sexu-desbiazioak ezagutzea?
            Era berean, ez dut hain argi ikusten informazio guztiak mass media izeneko horietara heltzeko eskubidea daukanik. Adibidez, konta lezake kazetari batek beste pertsona baten inguruko zerbait, informazio hori erabilita hirugarren lagun batek hil badezake artikulu horren subjektua? Argi dago ezetz.
            Azkenik, ez dut hain argi ikusten iritzi-sortzaileen papera. Onartzen dut askorentzat, (eta agian baita neuretzat ere) ezinbestekoak direla gure gizartean. Baina, ez al da posible iritzi-sortzaile horiek botereak zuzenduak izatea eta, beraz, oinarrizkotzat jotzen den adierazpen-askatasuna kontrolerako tresna bihurtzea?
            Honengatik guztiarengatik esan dut hasieran auzi hau ematen duen baino konplexuagoa dela. Azken finean, gizakiaren on egite horretan datza dena; alegia,on egin  nahi bada, ez da ezer gertatzen; kontrakoa gertatzen denean, ordea, bai,kasu horietan entzutekoak eta entzun behar ez direnak entzungo ditugu.


EGITURAKETA

1-    Zer testu-motaren aurrean zaude, hots, argudiozkoa al da? Narratiboa al da?...
Argudiozkoa.

2-    Zehaztu, zer testu-era irakurri duzu?
Iritzi-artikulua, bertan iritzia agertzen zaigulako.

3-    Zein da testu honen egitura?
4     
TESIA: 1.paragrafoan agertzen da. Testuaren ideia nagusia azken esaldian agertzen da: “Adierazpen-askatasuna bai, baina norainokoa?”.

TESIAREN ARRAZOIKETA: 2-5 paragrafoak. Bertan hurrengo ideia hauek azaltzen dira:
a)    2.paragrafoa: “Zenbait errejimen poitiko adierazpen-askatasunaren kontra azaldu da; ez dirudi demokraziaren ezaugarria denik”.
b)    3.paragrafoa: “Edozein kazetarik egoki iruditzen zaiona esateko eskubidea dauka”.
c)    4.paragrafoa: “Komunikabideek baliagarriak izan behar dute gure arteko komunikazioa garatzeko, baita zernahi gauza… salatzeko ere”.
d)    5.pragrafoa: “Gizarteak leaderrak behar ditu, iritzia sortzeko ata auzietan argia emateko”.
ANTITESIA (kontrargumentazioa): 6-8 paragrafoak. Bertan hurrengoideak azaltzen dira:
a)    6.paragrafoa: “Non hasten da pertsonaia publikoaren intimitatea eta non informaziorako eskubidea?”.
b)    7.paragrafoa: “Informazioa neurtu egin behar da” , planteatzen den galderan utzitako ideia da).
c)    8.paragrafoa: “Iritzi-sortzailearen papera botereak zuzendua ote…”.

SINTESIA (ondorioa): 9.paragrafoa: “… auzi hau

5-    Zein testu-antolatzaile erabiltzen ditu idazleak egitura hori gauzatzeko?

ARRAZOIAK GEHITZEKO: era berean, hirugarrenez, azkenik.

ARRAZOIAK KONTRAJARTZEKO: edozein kasutan, ordea, gorabehera, baina.

ARGIBIDEAK EMATEKO: hau da, alde honetatik, hots, esan nahi baita, adibidez, alegia.

KONKLUSIORAKO: beraz, honengatik guztiagatik.




("Igara- "Nire ustez..." HEOK 3.maila, HABE)
           

4 comentarios:

  1. Anónimo5:08 a. m.

    Menuda puta mierda

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Anónimo3:03 a. m.

      Este comentario ha sido eliminado por el autor.

      Eliminar
  2. Anónimo3:00 a. m.

    Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  3. Anónimo3:02 a. m.

    Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar